|
Historia pixka bat:
Haran Gazia paregabeko tokia da. Izan ere, antzinatik (IX. mendeko dokumentazioa dago) ekoizten da gatza han, ur gazizko iturburuetako ura lurrunduta. Haran guztia zurezko plataformez eratutako terrazek estaltzen dute. Zurezko kanalizazio konplexuen bidez joaten da ura gatzagetara. Gatzaren merkataritzak garrantzia estrategiko handia izan zuen Erdi Arotik XIX. mendearen erdialdea arte. Portugala ere banatu zuten hemengo gatza. Alfontso VII.ak, 1137an, gatzagen ustiategietarako lege oinarriak ezarri zituen. Lehenengo, Koroak zuzenean ustiatu zituen, eta XIII. mendetik aurrera, partikularrei gatzagak alokatuta. XX. mendearen 60.eko hamarkadaren amaieratik, gatzagak bertan behera utziz joan ziren, ez baitziren errentagarriak. Horrela, egungo degradazio egoerara iritsi dira. Berreskuratze prozesua: Gaur egun, existitzen diren 5.500 gatzagetatik, 150 bakarrik ustiatzen dira artisau metodoekin. Zurezko egiturak oso hauskorrak dira, eta ematen zaien erabileraren arabera kontserbatzen dira. Zurezko plataformak buztin prentsatuz estaltzen zituzten iragazkaitz bihurtzeko, eta orain, horri buruzko ikerketa egitea erabaki da. Gatzagak Monumentu izendatu zituztenetik, Arabako Foru Aldundiak, Historia eta Arkitektura Ondarearen Zerbitzuaren bitartez, degradazio prozesua geldiarazteko jarduerak hasi ditu. Haran Gaziaren Osoko Berreskuratzerako Plan Zuzentzailea egiteari ekin zaio. Jarraituko den metodologia Monumentuari buruzko azterketa konplexutik abiatuko da, eta Informazio Geografikoko Sistemaren bitartez kudeatuko da. Horrekin batera, Haraneko zona zehatzei buruzko zaharberritze eta ikertze kanpaina hasi da. Horren bitartez, jada 200 gatzaga berreskuratu dira, eta eraikuntza sistema historikoak erabiltzea lortu da. Haran Gaziaren etorkizuna: Artisau metodoen bidezko gatz ekoizpena, oraingoz behitzat, ez da nahikoa sare eta bilbeen kontserbazioa bermatzeko. Hortaz, ustiaketako mekanismo osagarriak ezarri beharko dira, kasurako, paisaia, ingurumen eta kultura balioak. Hala, jarduera turistikoa berrezarri ahalko da, mota horretako baliabide ugari duen ingurune horretan. Hori pentsarazten digute, behintzat, handik hurbil diren Valderejoko Parke Naturalak eta Valdegoviako arkitektura eta arkeologia ondareak. |