|
Foruek garapen sozial eta ekonomikoarekin bat zetorren eboluzioa izan zuten XIX. mendera arte, joera zentralizatzaileak Europan zehar zabaldu ziren arte alegia. Horrela, foru-erregimenaren transformazioa hasi zen eta, praktikan, kontzertu ekonomikoen sistemara mugatuta geratu zen.
Euskal Autonomia Erkidegoan autonomia politikoa ezartzeari esker, foru-erakundeen berezko aginpideak berreskuratzen ari dira Gernikako Autonomia Estatutuaren bitartez. Bestalde, Lurralde Historikoen Legeak biltzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren barne-egituraketa eta foru-kudeaketari lotutako esparruak.
Arabako lurraldea Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dago Gipuzkoak eta Bizkaiak duten partaidetza berberarekin, 25 ordezkarirekin hain zuzen ere. Legebiltzarrak Euskal Autonomia Erkidegoko jarduketa orokorrei lotutako legeak ematen ditu, hori guztia lurralde bakoitzaren erakundeek -Foru Aldundiek eta Batzar Nagusiek- duten autonomiarekiko errespetuaren barruan.
|