Arabako Foru Aldundia Lurraldeko gobernu-organoa da gaur egun. Lehendakaria -Arabako diputatu nagusia- Batzar Nagusietan hautatzen da eta bere kabineteko kideak -foru-diputatuak- izendatzen ditu. Hauek Arabako administrazioaren esparru bakoitza kudeatzen dute eta gobernu-batzordea osatzen dute.

Arabako diputatu nagusiaren irudiak izaera historiko handia du eta protokolo-tratamenduan mailarik handiena duena da. XV. mendetik aurrera lurraldeko agintari nagusia izan da eta gerra kasuan Koroari egin beharreko emakida berezi gisa ermandade bakoitzean bildutako indar armatuetako kapitain jeneral izatera ere iritsi zen.