Arabako Batzar Nagusiak Lurralde Historiko honetako legebiltzarra dira. Bertan 51 ordezkari daude, batzarretako prokuradoreak edo batzarkideak hain zuzen ere. Lau urtetik behin hautatzen dituzte sufragio unibertsal bidez.

Batzar Nagusiek botere legegilearekin dihardute beren aginpideen esparruan. Batzarrei esleitutako funtzioen artean ondokoak aipa daitezke: gobernuko lehendakariaren (diputatu nagusiaren) hautaketa batzarkideen artean, probintziako aurrekontuen onarpena eta kudeaketaren kontrola.

Historiara jotzen badugu, 1463. urteko udazkenean sortu ziren Rivabellosan. Bertan, hainbat ermandadetako hamasei prokuradorek eta Enrike IV.ak bidalitako jurista batek 60 ordenantza idatzi zituzten, 1458. urtera arte indarrean zeudenak ordezkatu zituztenak hain zuzen ere.

Arau hauen bidez, XIV. mendearen amaieratik lurraldean garatutako gatazkak amaitu egin ziren. Nolanahi ere, gatazka hauetan nekazariak, hiribilduetako jendea eta bertako aitonen semeak Arriagako Kofradiakideen zuzeneko oinordekoekin aritu ziren borrokan. Izan ere, hauek Trastamarako Etxeari emandako laguntzagatik indartu egin ziren eta lurraldeaz jabetu ziren. Integrazio politikoa bilatzen zuen mugimendu sozial honek probintziaren egungo mugak finkatu zituen.

Aro modernoan, Arabako lege-funtzionamenduaren oinarria legeak eta ordenantzak ziren. Idatzizko lehen adierazlea 1417an Gaztelako Koroak probintziari emandako Errege Pribilegioan agertzen da. Bertan 34 ordenantza daude, aurrerago zabaldu eta zehaztu zirenak.

Erdi Aroan sortutako ermandadeak lurraldeko gobernuaren oinarria ziren eta beren jatorria gizaki libreek boteretsuenen edo gaizkileen gehiegikerien aurrean batzeko izan zuten borondatea izan zen. Sei koadrilatan elkartutako 53 ermandade egon ziren eta udalerriek bezalaxe Batzar Nagusietan ordezkatuta zeuden.

Ermandadeetako organo goren izan ziren Batzar Nagusiak ermandadeko alkate edo prokuradoreak, probintziako diruzainak, diputatu nagusiak, bi eskribauk eta udalerrietako ordezkariek osatzen zituzten mende batzuk lehenago.