Natura eta Kultura Ondarea

Parkeko ondare naturala eta kulturala dotorea ezagutu: bere landaretza, fauna, formazio geologikoak, paisaia eta Parkea osatzen duten herriak zein ingurukoak.

eus panoramica naturaleza

Fauna

Gorbeia estaltzen duten baso handietan fauna interesgarria bizi da: gabirai, zapelatz liztorjale, lepahori, muxarra, aztore, basakatu, oreinak... Kakalardo interesgarriak ere bai, esaterako, Rosalia alpina babestua. Harkaizti eta gailurretan, giro gogorra nagusi izan arren, asko dira ikusten diren espezieak, hegaztiak nabarienak: sai zuri, belatxinga, harkaitz zozo gorri, mendi txirta, eta abar. Ibaietan, nagusiki Baiasen eta bere adarretan, martin arrantzalea, Pirinioetako ur satorra, ur ipurtatsa edo igaraba bezalako animalia bitxien populazioak mantentzen dira. Leizeetan ere kareharrizko euskal mendietan endemikoak diren ar, barraskilo eta armiarmak deskribatu dira, baita mendigune honetan besterik ez dauden batzuk ere.

Flora

Baso hostotsuek Gorbeiaren zati handi bat estaltzen dute: pagadiak, ameztiak, hariztiak eta, gutxiago, haltzadiak, ezkamezti, artadi kantauriar, pinugorrien pinudiak eta urkidiak. Tamaina eta edertasunarengatik, zenbait zuhaitz bitxitzat katalogatuta daude, esaterako, Arimekortako Haginak, Izarrako Hagina, Altubeko Haritza eta Ondategiko Haritza. Goi mendiko ekosistemetan flora interesgarria hazten da kareharrizko harkaitz babesgabeetan, nongo arrailetan zenbait landarek sustraitzea lortzen duten, baita gailur silizeoetan ere, non Euskal Herriko espezie begetalik mehatxatuenak bizi diren. Urari lotutako landaredia ere nabarmendu behar da: lokaztietan, Saldropoko zohikaztegian, Altubeko hezeguneetan...bizi dena.

Geologia

Itsaso ez oso sakon eta berotsuak estaltzen zuen –duela 100 milioi urte baino gehiago- egun Gorbeiako parke naturala denaren zati bat. Giroa oso egokia zen koralezko arrezife garrantzitsuak hazteko, non itsas animalia eta landare amaigabea bizi ziren. Handik gerora –duela 45 milioi urte inguru– itsas hondoetan eratutako material horiek itsas mailatik gora altxatu ziren eta milaka urteko higaduraren ostean oraingo erliebea eratu zuten. Eskematikoki, bi harkaitz motaz hitz egin daiteke. Batetik, forma biribileko gailur silizeoak daude, Gorbeiakoa bezala. Malkartsu eta ikusgarriagoak dira paisaia karstikoak, Itxinako kareharrizko molea nabarmentzen delarik.

Paisaia

Naturgune honetako paisaian basoak, harkaitzak eta larrediak dira nagusi. Pagadi eta hariztiek estaltzen dute lurraldearen zati handi bat, nagusiki hegoaldean, non Altubeko pagadi zabala nabarmentzen den. Zenbait puntutan kareharrizko harkaitz zuriak altxatzen dira, esaterako, Aldarminen eta Itxinan. Tokirik gorenetan larrediak eta sastrakadiak nagusi dira –txilardiak, elorriak, otadiak-, berez, gailurretako eguraldiaren ondorioz, edo pertsonen antzinatiko presentziaren ondorioz garatu direnak. Kontuan izan behar da duela milaka urtetik mendi eta bailara hauetako biztanleek paisaia beren beharrizanen arabera moldatu dutela: nekazaritza, etxebizitzak, abeltzaintza...

eus panoramica pueblos

Asko dira Parke Natural honen inguruan dauden herriak. Guzti-guztiek kultur ondare interesgarria daukate. Dorretxe, eliza, gurutzeria, baseliza, dolmen eta beste monumentu batzuek natura eremu honetako pertsonen historia kontatzen dute … azken batean, naturaz gozatzeko paradaren osagarri bikaina dira.

Zeanuri
Artzainen atari zabaleko egonlekuetan aurkitutako hondakinek –Azaro, Arimekorta, Errekarte– eta dolmenek, hala nola, Errekatxuetako Atxakoak, pertsonak inguru honetan antzina-antzinatik daudela frogatzen dute. Beste monumentu aipagarri batzuk elizak dira, esaterako, Andre Mari eliza edo Ipiñako auzunean Done Jakue Apostoluari eskainitakoa, non Bizkaiko bataio agiririk zaharrenak dauden. Ugariak dira, bestalde, udalerri horretan oraindik mantentzen diren baserriak –batzuk XVI. mendekoak–, nabariena Ugarka baserria, Astarrian.

Gopegi
Zigoitiako udalerriko hiriburua, Zubialde ibaiaren ezkerraldean dago. Gopegiko Andre Mariaren Jasokundearen eliz parrokiak XII. mendeko elementu erromaniko ugari dauzka. Goikolea dorrea ere aipa genezake, fatxada batean Zaratetarren armarria daukana, baita XVI edo XVII. Mendeko gurutzeria ere, egun udalbatzaren aretoan gordetzen dena.

Markina
Ugalde ibaiaren bi aldeetan sakabanatutako baserriek osatzen duten herri txikia, Arabako Zuia udalerrian dago. Bere kultur ondarearen barruan errota zaharra, San Joan Bataiatzailearen eliza eta Sagasti baserri-dorrea Zaratetarren bere armarriarekin aipatuko genituzke.

Areatza
Areatzak, 1.338 fundatuta, kultur ondare interesgarria dauka eta horregatik “Monumentu Multzo” izendatu dute. Kale harriztatuzko herrigune txiki zaharra gordetzen du, eta eliz parrokia –San Bartolome- , XV. mendekoa da. Gortazar edo Riscal jauregia ere aipagarria da, fatxadan pintura barroko interesgarriak eta estilo mudejarreko XVI. mendeko etxe bat mantentzen dituelako.

Izarra
Izarra Urkabustaiz udalerriko herri burua da. Kultur ondarean Arrosario Ama Birjinaren Eliza nabarmentzen da, izatez XVI. mendeko beste baten gainean eraikita dagoena. Hiri parke handi modura erabiltzen den harizti handi bat ere oso kontserbatuta dagoela ere esan behar da.

Sarria
Bi auzunek eratzen dute Zuia udalerrian dagoen herri txiki hau. San Lorentzo eliza, XVI. mendeko etxe-gotorleku zahar bat, hainbat zubik, iturri eta uraska, bolatoki estalia eta Andereñoaren edo Iturrateren Jauregia haren kultur ondarearen atalak dira.

Goiuri/Gujuli
Urkabustaiz udalerriko gune txikia, nongo Done Jakueren eliz parrokiak oraindik Erdi Aroko ataria mantentzen duen. Inguruan Altube ibaiaren adar den Oiardo latsak egindako ur-jausi ederra nabarmentzen da. Haren urak, 100 metrotik gorako altueratik Euskal Herriko pagadirik handienetako batera jausten dira.

Murgia
Murgia Zuiako udalerrian dago. 1338an fundatu zuen Alfonso XI.ak eta Errege Katolikoek hiribildu izendatu zuten XV. mendean. Gurutzearen Landako plazan harrizko iturri interesgarria dago, baita “Oinaztarraren Gurutzea” deritzona ere, 1450ekoa. Inguruetan Urrezko Andre Mariaren Santutegia dago, eskualde osoaren ikuspegi ederrak dituen enklabe altu batean.

Orozko
Orozkoko eraikuntzak mendi hauetako bailara eta magaletan zehar sakabanatuta dauden auzo txikitan biltzen dira: Zubiaur, Zaloa, Jauregia, Ibarra, Beraza, San Martin, Albizu, Gallartu... Dolmenak, hala nola, Gastañazarreta eta Egalazaburu, Unzuetako gailurreko gazteluaren aiurriak, Gezuriko Santa Marina baseliza, eta Arangureneko dorretxea dira, besteak beste, udalerri honetan
dauden monumentuen zerrenda aberatsaren adibide batzuk.


Manurga
Lau auzunek –Landaluze, Perrente, Azpillaga eta Iturritxaga– osatzen dute Zigoitiako udalerriaren gune hau. Erdi Aroan enklabe estrategikoa izan zen, non lau etxegotorleku zeuden. Egun Hurtado de Mendozatarren Dorretxea mantentzen da, eta Elexalderen edo “gazteluaren” eta Iturrizar leinukoen dorrearen hondakin batzuk, hala nola, harraskaren horman dagoen armarria

Garrastatxu
Baranbiotik (Amurrio) kilometro gutxira Garrastatxuko Pietateko Andre Mariaren baseliza dago, XVII. Mendearen erdialdean eraiki zena. Barrualdean aldare churriguereskoa nabarmentzen da, Mariaren Pietatearen irudi klasikoaren imajinarekin.

Murua
Herri txiki hau, bi auzotan egituratua, Zigoitiako udalerrian dago. Iturriak, zubiak, baserriak eta bolatoki estalia dira kultur ondarearen zati bat. Nabarienak San Antonio eliz parrokia duela gutxi berriztatutako errota zaharra eta hainbat arkeologia aztarnategi, hala nola, Mairuelegorretakoak dira.

Artea
Artea, orain dela gutxira arte Castillo-Elejabeitia izenez ezagutzen zena, udalerri txikia da, baina antzina oso garrantzitsua zen, pasabide eremu estrategiko batean zegoelako. Horren ondorioz, tradizioz, ibilbidea merkataritzaren aldetik eta militarki kontrolatzen aritu izan da. Horregatik daude, hain zuzen, errenazimenduko eta barrokoko zenbait dorretxe interesgarri: Ugarteko Dorrea, Torrea eta Galindo.

Zeberio
Oso auzune pilatuz osatutako udalerria. Udaletxea XVIII. mendearen amaierako baserri zahar batean dago. Arkitektura erlijiosoan San Adrian baseliza nabarmentzen da, leihoak XI. mendekoak direlako. Beste elementu interesgarri batzuk Olabarrietako San Tomas eliza, Zeberioganeko Andre Mari eta Ermitabarriko San Antonio baselizak eta Areiltzako dorrea dira.

  • Irudiak
    null
Bidali lagun bati
Bidali lagun batiItxi formularioa