Arabako mendiak

Montes

Arabako azaleraren % 62,3 baso lurzorua da, hau da, batez ere jabari publikoko mendia. Kontzeju, udal, erkidego eta partzuergoen edo Arabako Foru Aldundiaren mendi publikoek 152.688 hektarea betetzen dituzte.

Mende bat bete da 2009an Arabako Onura Publikoko Mendien Katalogoa onartu zenetik. Katalogazio horren bidez, jabetza publikoko Arabako mendi asko basogintzako jabari publiko bezala deklaratu dira, eta horren ondorioz babes handia ematen zaie.

Arabako baso lurzoruen % 75 osatzen dute batez ere bertako espezieez landatutako basoek Gehienbat pagoak daude. Gero erkametza, artea eta pinu gorria dira azalera gehien hartzen dutenak.

Arabako mendi publiko gehienak Natura 2000 Ekologia Sare Europarrean sartuta daude, eta horren ondorioz ekarpen handia egiten dio baso sektoreak Biodibertsitatea onik iraunarazteari: Natura 2000 Ekologia Sarearen % 88,7 mendi publikoa da

Arabako mendiek biodibertsitatea iraunarazteko duten betekizunaz gain, baliabide berriztagarrien zuzeneko iturri dira (zura, egurra, bazka, perretxikoak, ehiza eta abar), gainera, ekologia onura handiak ekartzen dituzte (lurzorua babestea, ur erregimena arautzea, karbonoa biltegiratzea eta abar), baita gizarte onurak ere (besteak beste lana eta erabilera publikoko eta naturaz gozatzeko gunea).

Arabako Foru Aldundiarena bakarrik da historikoki Mendien arloko eskumena. Mendiei buruzko martxoaren 26ko 11/2007 Foru Araua da eskumen horren lege esparrua. Arau horren bidez beste planifikazio eta kudeaketa kontzeptu batzuk eransten dira Arabako mendien antolamendura, hala nola mendiaren gizarte funtzioa, mendien kudeaketa iraunkorra, baso ziurtapena edo paisaiaren ebaluazioa. Gainera, mendiak kudeatzearekin eta bertako baliabideak aprobetxatzearekin zerikusia duten alderdiak berrikusi eta eguneratzen dira, eta nabarmendu egiten da auzo erabilerak egungo errealitatera egokitu beharra, jakinik erabilera tradizionalei eustea dela bermerik onena naturaren aparteko ondare hau iraunarazteko.

Bidali lagun bati
Bidali lagun batiItxi formularioa