Industria poligonoak
Arabako Parke Teknologikoa
Arabako teknologiaguneak
Arabako Europar Eraberrikuntza Industrialdea (CEIA)
Gasteizko Garraiogunea (CTV)
Vitoria International Airport (VIA)
     Arabak industriarako lurzoru eskaintza zabala dauka, Foru Aldundiak nahiz bertako udalek sustaturik, landa zein hiri eremuetan.

     Aldundiak sustaturiko lurzoru eskaintza ARABA GARAPEN AGENTZIA S.A. sozietatearen bidez egiten da. Sozietate horrek Agurain, Asparrena, Casablanca, Gojain, Lantarón, Lapuebla de Labarca, Murga, Langraiz, Okiturri eta Okondoko industria poligonoak kudeatzen ditu.

     Aldundiak enpresa txiki eta ertainetarako pabiloi eskaintzan ere esku hartzen du Elkartegien eta Industrialdeen bitartez. Batzuk nahiz besteak modulu-eraikinak dira, baterako zerbitzuak eta tamaina desberdinetako industria lokalak barne hartzen dituztenak. Gaur egun, badaude elkartegiak Araian eta Laudion, eta industrialdeak Aiaran, Agurainen, Amurrion, Langraizen, Campezon, Laudion eta Legutianon.




     Arabako Parke Teknologikoa, Vitoria-Gasteiztik 5 km-tara dagoena, teknologia aurreratuen erabilera, berrikuntzen garapena edo I+G jarduera intentsiboa ezaugarri duten enpresetarako kokagune ezin hobea da.

     Bere jarduera arloak, batez ere, hauetxek dira: aeronautika, energia, informatika, telekomunikazioak, ingurumena, elektronika, industria automatizazioa eta material berriak.

     Parkea paregabeko ingurune batean kokatuta dago. 117 hektareako bere azaleraren erdia baino gehiago basoak eta berdeguneak dira, eta haren urbanizazioa estetikari eta ingurumenarekiko begiruneari garrantzi handia emanez burutu da.

     Arabak lau teknologiagune ditu, enpresei zerbitzu teknologikoak eskaintzen dizkietenak. Gune horietatik hiru Parke Teknologikoan daude (LEIA, Aeronautika Teknologien Zentroa eta Energia Teknologietarako Zentroa). Laugarrena (EUVE) Vitoria-Gasteizko hirigunean dago, Mercedes Benz enpresaren ondoan.

     Teknologi Aurrerapenerako Zentroak (LEIA) ingurumenari buruzko ikerkuntza eta enpresen berrikuntzaren sustapena ditu bere jarduera nagusiak.

     Aeronautika Teknologien Zentroaren jarduera nagusia aireontzien egituren eta barrualdeen balidazio eta jokabide saiaketak egitean datza.

     Energia Teknologietarako Zentroak teknologia eta ikerkuntza zerbitzuak eskaintzen ditu honako arloetan, besteak beste: girotzea, konbustioa, energia alternatiboak, energia ekoizpen prozesuetan, eta eraikuntzen erosotasuna.

     European Virtual Engineering (EUVE) delakoak irtenbide informatiko aurreratuak eskaintzen ditu produktuaren diseinuan eta prozesu garapenean.

     Arabako Europar Eraberrikuntza Industrialdeak (CEIA) ekinzale berriei laguntza eskaintzen die beren proiektuak aurrera eramateko. Laguntza hori bi arlotan gauzatzen da, batez ere: kontsulta eta logistika. Kontsulta arloan, CEIAk proiektuaren bideragarritasunari buruzko azterlanean lagundu eta teknika, ekoizpen, merkataritza eta finantza arloetako azterlanak egiteko aholku ematen du. Logistika arloan, bere instalazioak, pabiloiak eta bulegoak eskaintzen ditu, baita proiektuak martxan jartzea errazago egiten duten zerbitzu zentralak ere.

     CEIA Europako Batasunak homologatutako gunea da, eta European Comunity Business&Innovation Center (BIC) delakoaren barruan dago.




     Gasteizko Garraiogunea (CTV) leku estrategiko batean dago kokatuta, Foronda-Gasteizko aireportuaren, RENFEren merkantzia geltoki berriaren, N-1 errepide nazionalaren eta Bilboko portura doan autobidearen ondoan. Intermodalitatea eeta edozein merkaturekiko lotura ahalbideratzen ditu.

     Garraioguneak garraio agentzietarako eta biltokietarako pabiloiak ditu, baita gaur egungo garraiogune malgu batek beharrezko dituen zerbitzu guztiak ere, hala nola aduana, bankua, kamioien aparkalekua, biltegi frankoa, hotela, jatetxea, tailerrak, karburante hornitegia eta ibilgailuen garbitegia, eta karga-zentro informatiko bateratua, Europako beste garraiogune batzuekin loturikoa.

     Vitoria International Airport (VIA) sozietateak Gasteiz-Forondako Aireportuaren sustapena du bere helburuen artean. Sozietate honen jarduera nagusia karga-trafiko berriak, jarduera logistikoak eta aireportuko pisten ondoan kokaturik egon behar duten industriak erakartzea da.